2008-06-05


2008KO UDALAREN INBERTSIOAK: "BAIMENDUA" %3,2a eta "ORDAINDUA" %2,37a.

Azken plenoaren kronika eta Ezker Abertzalearen oharra. Mª Eugeniaren erantzuna

Baleike


Ezker abertzaleak idatzitakoak harritu xamar utzi nau. Oso pertsonalizatua den prentsa oharra bota dute, merezi gabeko protagonismo maila eskaintzen didana, joan den maiatzeko Plenoan EAJ Udal Taldeko bozeramaile lanak betetzera mugatu bainitzen. Baina, Zumaiako ezker abertzaleak nire izena erabiltzen duenez, erantzuteko aukera ematen dit, aipamenengatik.
Idatziak ezustean hartu nau publikoki erantzuten baitie Plenoan esandako hitzei, Udalbatzaren aktan jasota geratzeaz aparte hitzek ez dute eta bestelako ohiartzun mediatikorik izan, eta beraz, zumaiarren gehiengo haundi batek ez daki zertaz ari diren. Nire ustetan prentsa oharra urduritasunaren emaitza besterik ez da.
Udal Gobernuak Plenoan 2007ko Aurrekontuaren likidazioaren berri eman zuen. Zumaiako Udalaren historian ejekuzio mailarik txikiena izan duen aurrekontua. Inbertsioen kapituluan, %35,2a besterik ez. Portzentaia hori ia ia bere osotasunean iazko udal hauteskundeak aurretik ejekutatu genuen. Udalbatzan nabarmendu nahi izan genuen kontu bakarra zera da, ez dela beharrezkoa kontabilitateaz edo aurrekontuetaz tutik ulertzea horrek zer esan nahi duenaz konturatzeko, edozein zumaiarrek badaki eta azken urtebetean ez dela ezer egin Zumaian, beraz, aurrekontua ez da ejekutatu eta horrek 6.500.000 eurotako superabita erakarri du.
Plenoa bide horretatik zihoanez, 2008ko aurrekontuak martxa hobeagoa ez daramala akordarazteko aukera aprobetxatu genuen, beraiek emandako datuen arabera, maiatzaren bukaeran aurtengo inbertsioen ejekuzio maila %3,2a besterik ez baita. Urte erdi %3,2rako, zenbat ejekutatu ahal izango dute beste urte erdian?.
Orain aurpegiratzen didate 90 egunetara ordaintzen diren fakturetaz ahastu egin naizela. Aitzakiren bat asmatu behar, datu hotzek lotsa eragiten dute eta. Kontua da ez naizela ni ahastu nola egiten diren ordainketak, baizik eta oharra izenpetzen dutenek ez dutela, oraindik ere, datuen irakurketa egiten ikasi. Hobe egingo lukete kontuhartzaileari galdetuz "baimendua" eta "ordainduaren" arteko aldea (kasuan, %2,37).
Bandera Urdinari buruz berriz, argi utzi nahi dut ez gure udal taldeak ez ni neuk ere ez dugula bandera bere horretan miresten. Esan genuen, hori bai, udal gobernuak hartu nahi omen dituen bestelako neurriak berdin berdin hartu ditzaketela hondartzan bandera urdina zintzilik egon edo ez. Arazoa ez dago banderan, egitean baizik. Orain arte ez dute egin. Hemendik aurrera, ikusiko dugu.
Ez EAJren Udal taldeak, ez eta nik ere, ez dugu inoiz gauzak aurrera joan daitezen trabarik jartzeko asmorik izan. Alderantziz, Zumaiaren alde hainbeste urtetan lanean jardun eta gero, herriak aurrera egin dezan besterik ez dugu nahi.
Arazo bakarra dago, ez duela aurrera egiten, eta hori adieraztera mugatu gara. Oposizioa zertarako izaten da?, gobernua kontrolatzeko eta denon onerako ekin dezan eskatzeko. Ez dugu uste, gainera, gure oposizioa bereziki beligerantea izaten ari denik, beraiek oposizioan egon direnean egin digutena baino askoz ere zintzoagoa izaten ari da gurea. Ez dugu ez manipulatzen ez gezurrik esaten, dakigunaz hitzegitera mugatzen gara. Ez digute ba Plenotan ere hitza kendu nahiko?.

Mª Eugenia Arrizabalaga


Irakurri

2008-06-02


ZUMAIAKO EZKER ABERTZALEKO ZINEGOTZIEK OHAR HAU BIDALI DIGUTE, ATZOKO PLENOAREN HARIRA: (Baleike)

Gauzak ahaztu eta bandera urdina

Ez da hainbeste denbora pasa udal-gobernua utzi zutenetik, 10 hilabete besterik ez, baina badirudi batzuentzat nahikoa denbora dela ahazteko Zumaiako Udalak nola funtzionatzen duen.

Atzoko plenoan, gure alkate ohiak hanka behin baino gehiagotan sartu zuen eta Ogasuneko zinegotziak gogorazi behar izan zion partidak noiz eta nola luza daitezkeen. "2008a ere aurrera doa, eta Udal Gobernuak oraindik ez du ezer egin: aurtengo inbertsioetatik % 3,2 baino ez ditu exekutatu" esan zuen Maria Eugenia Arrizabalagak. Baina alkate ohiak honezkero jakin beharko luke Udalak fakturak 90 egunera ordaintzen dituela, hau da, lanak egin eta hiru hilabetera; beraz, aurrekontuak duela bi hilabete onartu baziren, nola kalkulatu zenbateraino gauzatu diren gastuak, fakturak ordaintzeko denboratik pasa ez bada? Hori urtea bukatu eta aurrekontuen likidazioarekin batera ikusten da, eta ez aurrekontuak onartu eta bi hilabetera. Bietako bat: edo ahaztu egin zaio nola egiten zen edo gobernuan zeudenean gaizki kalkulatzen zuten.

Horrez gain, plenoko beste kontu bat bandera urdinena izan zen. Aurtengoan, Udal Gobernuak erabaki du ez eskatzea eta kritika gogorrak entzun behar izan genituen, hori zela eta. Bandera ez eskatzeko erabaki horretan Zumaia ez da bakarra izan; izan ere, besteak beste "Udalarrantz" elkartean biltzen diren kostaldeko udalerrietako inork ere ez du eskatu; hor daude sartuta arrantzarekin erlazionatutako udalerriak, besteak beste Zierbena, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Lekeitio, Ondarroa, Mutriku, Getaria, Orio eta Hondarribia. Eta zer alderdiren esku daude alkatetzak udalerri horietan? PNVren esku. Kostaldeko beste herrietan PNVk jarrera bat eta Zumaiakoak beste bat; beste herrietan ondo dagoena Zumaian gaizki dago, eta PNVk bandera urdina defendatu eta Udal Gobernua kritikatu du. Garbi dago, ordea, ez dela kritika zintzoa, konstruktiboa, kritikatze hutsagatik egina dela.
Legealdia hasi genuenetik askotan eskatu dugu, baina berriz ere egin beharrean gaude: PNVri eskatzen diogu elkarlanean jarduteko, kolaboratzeko, eta kritikak egin behar dituenean zintzo jokatzeko.

Zumaiako Ezker Abertzaleko Zinegotziak


Irakurri