2007-12-29


Zaborren zerga %50 igotzea erabaki du Udalak

Progresibitatearen printzipioa aplikatuko da lehen aldiz: zenbat eta diru gutxiago izan, orduan eta deskontu handiagoa

2007ko ohiko azken udal plenoa egin zen atzo iluntzean. 2008rako zerga arauak onartu gabe gelditu ziren urriko plenoan, zaborraren eta uraren gaineko zergen inguruan adostasun maila handiagoa lortu nahi zuelako Udal Gobernuak. Azkenean, atzo onartu ziren 2008rako zerga arauak, ANV, EA eta EB-Aralarren babesarekin..

Baleike

Horrela, 2008an zaborraren zerga %50 igotzea erabaki da. Zaborren kudeaketaren kostoa, berriz, %126 inguru igoko dela aurreikusi dute arduradunek, Gipuzkoako zabortegiekin dauden arazoak medio. %50eko igoera horrek, baina, ez du eragin berbera izango herritar guztiengan. EB-Aralarrek aurkeztutako proposamenari jarraituta, "progresibitatearen printzipioa" aplikatuko da lehen aldiz Udalean. Hau da, gutxiago duenak gutxiago ordainduko du, gehiago duenak gehiago. Familia bakoitzak zenbat ordaindu beharko duen jakiteko taula batzuk osatu dira.

Erabaki horren aurrean, EAJ eta PSE aurka agertu ziren. Bien ustez, "makillaje hutsa" da progresibitatearena, "%50eko igoera estaltzeko bide korapilotsua". Gainera, taula ez dagoela ondo egina salatu zuen EAJk, ematen diren hobarien progresibitatea ez dela batere justua. Horrez gain, taula hori zuzentasunez aplikatzeko arazoak ikusten zituzten, "Udalari oso zaila zaiolako familia bakoitzaren benetako diru iturriak zein diren jakitea".
PSEren iritziz, kostoaren pareko igoera beharko luke zergak ere, hau da, %126.
EB-Aralarrek, bere aldetik, ontzat eman zuen ideia, baina zalantzan jarri zuen taula ondo ote dagoen. Hurrengo urterako, Zumaiako familien egoera sozio-ekonomikoa aztertzea eskatu zuen, taula emaitza horiek oinarri egin dadin.

Ogasun Batzordeko buru Joseba Azpiazuk azaldu zuenez, "esperientzia pilotoa" da eta ez dakite nolako eragina izango duen. Familia bakoitzak zenbateko hobaria izango duen jakiteko agiriak eskatuko zaizkiela zehaztu zuen, eta ez dela ezer estaltzeko makillajea. "Azarotik dago batzordean planteatuta. Azkoitian PSEk bonifikazioak aplikatu ditu eta hango zinegotzia oso harro dago lehena izan delako".

Haurtzaindegia

2007ko aurrekontuen txostenean haurtzaindegia Amaiako Plazan egingo dela jartzen duela eta -aurreko Udal Gobernuak hala erabaki zuen-, "segurtasun juridikoagatik" hori zuzendu eta Arrangoletako plazan egingo dela jartzea eskatu zuen Iñaki Arrizabalaga alkateak. Ondoren, Arrangoletako proiektua aurrekoa baino hobea eta merkeagoa dela defenditu zuen. "EAJk Bidasoa kalean egin nahi zuenak 200.000 euroko kostoa zuen, gehi kale hori urbanizatzeko gastatuko zena. Beraz, dezente gehiago. Gure proiektuak 148.000 euroko kostoa du". EAJk erantzun zion Bidasoako kalekoa proiektu hobeagoa zela, teknikoen oniritzia zuela, eta kaleak asko irabaziko lukeela peatonalizatu ondoren.
PSEk berriz, erabaki politiko bat ikusten du proiektu aldaketaren atzean. "Bidasoa kaleko lokalak talde batzuri eman ahal izateko egin da proiektu aldaketa, eta horrekin ez gaude batere ados".
EB-Aralarren iritziz Arrangoletako aukera hobea da, bestean haurrek ez zutelako jolasteko lekurik. Gainera, azpimarratu zuten "behin-behineko" soluzioa dela, haurtzaindegi berria egin bitartekoa.
Alkatearen eskaera aurrera atera zen, EA, ANV eta EB-Aralarren aldeko botoekin.

Hirigintzako Aholkularitza Kontseilua

Jaurlaritzaren Lursoruaren legeak hala eskatuta, udal plangintzarako aholku batzorde bat osatuko du Udalak, herritarren partaidetza bultzatzeko. Alkateak, zenbait zinegotzik eta herriko hainbat elkartetako ordezkarik osatuko dute aholku batzorde hori. Herriko planeamendu urbanistikoari jarraipena egin, ideiak proposatu eta informazioa herritarrei helaraztea izango dira batzorde horren zereginetako batzuk. Horrela osatuko da: alkatea izango du presidente, Ingurugiro Batzordeko burua bokal, Udal Gobernutik kanpo dauden alderdiek ordezkari bana izango dute. Horiez gain, herriko elkarteetako ordezkariak: auzotarrak, ekologistak, hezkuntza mundukoak, merkatariak, enpresariak, baserritarrak, sindikatuak, ezindu fisikoak, emakumeak, nukleo historikoak (Oikia, Artadi, Narrondo eta Estazioa), gazteak, eta kirol eta kultur elkarteak.


Irakurri

2007-12-27

OHIKO PLENOA .-

Udal honetako Alkate Lehendakaria naizenez, Udal Plenoari deialdia luzatzen diot, OHIKO batzarraldia egin dezan, ondorenean jasotzen den eguneko aztergaiaren arabera:

Batzarraldi eguna ABENDUAK 27 OSTEGUNA.. ordua ARRATSALDEKO ZAZPIRETAN Udaletxeko Pleno Aretoan.

1.- AURREKO BILERAKO AKTAREN ONARPENA, BIDEZKO BADA:
2007.10.25 ETA 2007.11.29

2.- 335 ZK-DUN ALKATE DEKRETUAREN BERRI EMAN: LAN KONTRATUAREN IRAUNGITZEA

3.- HAZIENDA

3.1.- 2008.KO ORDENANTZA FISKALEN JENDAURREKO EPEAN AURKEZTUTAKO EMENDAKINA EBAZTEA BIDEZKO BADA.

3.2.- 2007KO AURREKONTUA: HAURTZAINDEGIAREN KOKAPEN ALDAKETA

4.- HERRITARREN PARTAIDETZA

ZUMAIAKO UDAL PLANGINTZAKO AHOLKU BATZORDEAREN ERREGLAMENDUA HASERAKO IZAERAZ ONARTZEA BIDEZKO BADA.

5.- MOZIOAK:

5.1.- ANV-REN MOZIOA: NAZIO BAT, SELEKZIO BAT.

5.2.- ANV-REN MOZIOA: EUSKAL HERRIAREN ESKUBIDEEN ALDE, EGITASMO POLITIKO GUZTIEI AUKERA DEMOKRATIKOA, HERRI GISA ERANTZUTEKO GARAIA DA.

5.3.- EAJ-PNV: 18/98 PROZESUA ETA EPAIA

5.4.- E.A.: 18/98 PROZESUA ETA EPAIA

6.- ESKARI – GALDERAK.-
ZUMAIA, 2007ko ABENDUAREN 21ean.-

27/12/07 11:57


Irakurri