2008-03-29


Cristina Forcada izango da Udalaren ordezkari Kutxaren batzarrean

Baleike

Aurten Zumaiari kontseilari bat dagokio Kutxaren batzarrean; Cristina Forcada (EB) izendatu du plenoak Udalaren ordezkari eta Xabier Olaizola (Aralar) lehen ordezko

Kutxaren batzarrean kontseilari izateko hautagaitza bakarra aurkeztu zen udal plenoan, Cristina Forcadarena, hain zuzen ere. EB-Aralarren eta ANVren aldeko botoekin onartu zen hautagaitza. PSEk abstentzioa eman zuen, EAk bezalaxe. EAJk aurkako botoa eman zuen.

Hautagaitzaren berri plenoa egin baino pare bat ordu lehenago izan zutela salatu zuten EAJko zinegotziek, eta aurrekontuei baiezkoa ematearen truke egindako tratua zela iradoki. Gipuzkoako EAk eta EAJk postu horietarako elkarri botoa emateko duten tratua hautsi izana leporatu zion Maria Eugenia Arrizabalagak alkateari. Honek ukatu egin zuen inolako traturik hautsi izana.


Irakurri

2008-03-27


UDAL GOBERNUAK AURRERA ATERA DITU 2008KO AURREKONTUAK, EB-ARALARREN ALDEKO BOTOEKIN


Udalaren aurrekontu propioa 13.767.634 eurokoa izango da, iazkoa baino %23,88 handiagoa. Aurreikusitako defizita 2.017.532 eurokoa da.

Baleike


Udal Gobernua eta EB-Aralarren arteko "azken uneko" akordio bati esker onartu dira 2008ko udal aurrekontuak gaur iluntzean egindako ez ohiko plenoan. EAJk eta PSEk aurka bozkatu dute. Jeltzaleen iritziz, zorpetzera daramatelako eta inbertsio berri azpimarragarririk ez dutelako;sozialistek, politikoki onartezina iruditzen zaielako "terrorismoa kondenatzen ez duen alderdi baten aurrekontuei baiezkoa ematea". Gero gaineratu dute aurrekontua "birtualak" iruditzen zaizkiela, ez direlako bideragarriak. Udal Gobernuak defenditu du pertsonengan inbertitzen duten aurrekontuak direla.

EAJren iritziz, aurrekontuetan jasotzen diren inbertsiorik garrantzitsuenak beraiek martxan jarritakoak dira, eta horiek onartuta gelditu dira Zumaia Lantzenen aurrekontuetan, aho batez. Hortik aurrera, Udalaren aurrekontu propioan ez dute azpimarratzeko moduko inbertsiorik ikusi. "Ez dago proiektu berririk; bakarra, Narrondorainoko oinezkoentzako bidea, eta hori gure hauteskunde programan jaso genuen", esan du Maria Eugenia Arrizabalaga bozeramaleak. Bestetik, salatu dute inbertsioak berez ez direla igo, jaitsi baizik: "Inbertsioen atalean %24ko igoera ageri da 2007arekiko. Hori nola, lortu da? Iaz Zumaia Lantzeneko aurrekontuetan zegoen lurra erosteko partida Udalaren aurrekontu propiora ekarriz, 1,1 milioi euro hain zuzen ere".
Horrez gain, gastu arruntak sarrerak baino askoz gehiago igo direla kritikatu dute, eta horrek mailegua eskatzera behartzen duela Udala, "zertarako eta gastuak igo eta inbertsioak jaisten dituen aurrekontu baterako". Ohartarazi dute bide hori ez dela eramangarria, ekonomia ondo doan bitartean ez dagoela arazorik, baina Aldunditik jasotzen den dirua etorkizunean jaitsi egin daitekeela ekonomia moteltzen bada.

PSEko zinegotziek ez dute aurrekontuen azterketa ekonomikorik egin, eta zuzenean argudio politikoak eman dituzte. Onartezina zaiela "terrorismoa gaitzesten ez duen alderdi baten aurrekontuen alde bozkatzea", eta zuzenean ANVko Andoni Etxanizi galdetu diote ea ETAren atentatuak kondenatzen ote dituen. Gainera, Udaleko beste alderdiei gonbitea luzatu diete gauza berbera egiteko.

EB-Aralarreko kideek nabarmendu dute azken orduko akordioa izan dela. Besteak beste, bidegorri gehiago, babestutako etxebizitza gehiago, eguzki plaka gehiago eta herritarren parte-hartzea areagotzea eskatu dutela adierazi du Cristina Forcadak. Bide batez, ANV Zumaian alderdi legala dela ohartarazi diote PSEri eta beste alderdiekin bezala hitz egin daitekeela beraiekin. Gaineratu dute beraiek atentatu guztiak kondenatzen dituztela.

Aurreko 24 urteetan egindako politika ezin dela urtebetean aldatu erantzun dio Andoni Etxanizek (ANV) EAJri. "Auzo asko kaskartzen joan dira ez delako inbertsiorik egin. Orain urtebetean dena egin behar al dugu?". Jadarre hiru fasetan egingo dela gogorarazi du, Basustabide auzoan ere berritze lanak egingo direla, eta Narrondorainoko oinezkoen bidea bi urtetan egingo dela: "2008an errepideko biribilguneraino eta 2009an Narrondoraino". EAJri leporatu dio aurrekontuei egindako zuzenketa guztiak hirigintza arlokoak izan direla, beste ataletan ez dutela proposamenik egin. Eta gastuen igoera defenditu du: "Guk inbertsioa beste modu batera ulertzen dugu, pertsonetan inbertitu behar dela pentsatzen dugu". Horrela arrazoitu du pertsonaleko gastuaren igoera -lanpostuak ere sortuko dira, gizarte zerbitzutan, udaltzaingoan eta hirigintzan-.
PSEk egindako galderari dagokionez, gauzak ez nahasteko eskatu die. "Terrorismoa ez omen da erabili behar politika egiteko; ETAk egiten duena egiten duela politika egin behar omen da. PSEk ez du hori egin. Askotan esaten du Emilianok Udalean herriko politikaz jardun behar dela beste arazoak alde batera utzita".

Iñaki Agirrezabalaga alkateak (EA) defenditu du inbertsio berriak etorriko direla planak gauzatzen direnean, eta diru sarrera propioak %4 bakarrik igo direla zergak KPIa baino ez igotzeko konpromisoa hartu zutelako.


Irakurri

2008-03-23


Plenoa martxoaren 26an izango da. Hona hemen eguneko aztergaia.

HAZIENDA

- 2008ko ekitaldiko aurrekontu orokorraren onarpena, bidezko bada.

- Udala eta langileen arteko akordioa, lanpostuen balorazioaren konturako ordainsarien igoera eta lanpostuen berrantolaketa eta balorazioari buruzkoa.

- 2008ko udal ordenantzen modifikazioa, haserako onarpena, bidezko bada.

- Udalaren ordezkaritzan, gipuzkoa donostiako kutxaren batzarrean aritzeko kontseilari orokor bat eta bere ordezkoa izendatzea.

HIRIGINTZA.

- Zumaiako plangintzako arau subsidiarioen 2. aldaketa 3.2 exekuzio unitatea (odieta) eta 5. sistema orokorreko (gurrutxaga - zuloaga) hirigintza fitxari dagokiona, behin betikoz onartzea, bidezko bada.

EAJk AURKEZTUTAKO MOZIOA

Arrasateko atentatua

El alcalde confía en la aprobación de los presupuestos municipales de 2008
Baleike


Irakurri