2008-03-06


EAJK SEI EMENDAKIN AURKEZTU DIZKIO 2008KO UDAL AURREKONTUARI

Oraindik ofizialki jakinarazi ez bada ere, martxoaren 13an izango da ziurrenik aurrekontuak aztertu eta onartzeko udal plenoa; EAJk Udal Gobernuarekin akordioetara iristeko borondatea azaldu du

Baleike

DV
Noticias de Gipuzkoa

Udal Gobernuak aurkeztutako 2008ko aurrekontuen azken zirriborroak "hutsune sakonak ditu", EAJren iritziz. Planteamendu "kezkagarriak" jasotzen dituela ere kritikatu zuten atzo iluntzean egindako prentsaurrekoan, besteak beste, "aurreikusten dituen sarrerekiko gastuaren igoera proportziorik gabekoa, bi milioi euro inguruko mailegu baten beharra, eta inbertsio berri garrantzitsurik ez jasotzea". Hala ere, EAJk ez du osotasunezko zuzenketarik planteatuko, sei zuzenketa partzial baizik. Jeltzaleen iritziz, zuzenketak onartuz gero, "zumaiarrek dituzten benetako beharrei" erantzungo zaie.

Hauek dira EAJk aurkeztu dituen sei emendakinak:

1-Etxe babestuak etorkizunean ere egin ahal izateko lurzoru publikoa erosteko Zumaia Lantzenek onartua duen 2008ko planean aurreikusten diren remanenteekin 1.100.000 euro eta beste 854.712 euro promozio pribatuetatik aurreikusten diren legezko zesioetatik lortutakoak. Guztira, 1.954.712 euro.

2-Odieta eta Beheko plaza inguruko proiektuetarako 2006 eta 2007 urteetan onartu ziren eta oraindik ere exekutatu ez diren diru-partida guztiak mantentzeko konpromiso finko baten eskaera, eta horiekin batera, baita 2008rako iaz onartu zen partida ere.

3-Basusta-bidea auzunea berrurbanizatzeko asmoa Udal aurrekontuetan sartzea, 2008an 600.000 euro jarriz, eta beste 600.000 euro 2009rako. Odietako eta Jadarreko proiektuak abian direnez, hau delako Zumaian behar handienak dituen guneetako bat.

4-Ardantzabidetik Larretxora bitarteko igogailu bat eta Jadarreko goialdean eta San Jose kalean lur-azaleko aparkalekuak egin ahal izateko estudioak eta proiektuak egiteko 750.000 euro.

5-Erkibe etxea ekipamendu publiko izaerarekin mantendu (Arauek agintzen duten bezala) eta horren jabetza Udalera pasa dadin asmoa mantentzeko konpromisoa, aurreko urteetan onartuak izan ziren diru-partidak mantenduz (1.800.000 euro). Bertan Zumaiako etorkizuneko haurreskola ezarri daitekeelakoan.

6-Eta azkenik, behin udal ludoteka Torreberrira pasatzen dela, itsaskiroldegia berritzeko eta arraun eta piragua elkarteentzat leku gehiago egokitzeko, 250.000 euro.

Bestalde, ahobatez onartu den Zumaia Lantzenen 2008ko ekintza planean EAJk aurreko agintaldian bideratutako hainbat ekimen jaso direla jakinarazi zuten, beraien ustez "Zumaiarentzat funtsezkoak". Besteak beste, Odietaren zaharberritzea, lur azpiko aparkalekua, eta Puntanueta IIko 136 etxebizitza publikoak. Horrez gain, aurrekontuetan jasotzen diren Jadarrerako asmoa, Alde Zaharrerako hobekuntzak eta surflarientzako lokala ere bere programan jasota zeudela.

Azkenik, Udal Gobernuarekin akordio batera iristeko borondatea azaldu nahi izan zuten publikoki.


Irakurri