2007-11-16


HAUR ESKOLAN BESTE 29 HAURRENTZAKO LEKUA IZANGO DA MARTXOTIK AURRERA

Prebafrikatutako hiru modulu jarriko dira Arrangoletako plazan; behin behineko neurria da, "herriaren premia asetuko duen haurtzaindegia eraiki bitartean"

Geroz eta gehiago dira Haur-Eskolako zerbitzua eskatzen duten zumaiarrak. Aita Mari kalekoa txikia geratu da eta Udaleko arduradunek hiru modulu berri eraikitzea onartu dute. Modulu berriak Arrangoletako plazan jarriko dituzte eta 29 haurrentzako lekua izango dute (hemen argazki muntaketa). Lanak lehenbailehen hasiko dira eta ongi bidean, zerbitzua 2008ko martxoan ematen hasiko dira.

Baleike
Zumaiako EAJ-PNV

Iñaki Agirrezabalaga alkateak eta Nerea Epelde Hezkuntza Zinegotziak aditzera eman dutenez, gaur egun Zumaian dagoen Haur-Eskola txikia geratu da. Momentu honetan Aita Mari kaleko Haur-Eskolan hogeita bat neska-mutilekin ari dira lanean; bi gela daude, 0-1 urte artekoa, zortzi haurrekin, eta 1-2 urte artekoa, hamahiru haurrekin.

Egoera hori aurre egin nahian, Zumaiako Udaleko arduradunek Arrangoletako plazan hiru modulu eraikitzea erabaki dute. "Aukera ezberdinak aztertu genituen, eta azkenean moduluak jartzea erabaki dugu. Deban gauza bera egin dute eta bertako arduradunekin zein Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunekin hitz egin ondoren, sistema bera erabiltzea adostu dugu", azaldu dute. Bi modulu 0-1 urte bitarteko neska-mutilentzako izango dira -horietako bakoitza zortzirentzako egongo da egokituta-, eta bestea, 1-2 urte bitartekoentzat. Azken horrek 13 neska-mutil har ditzake.

Modulu berriak eraikitzeko lanak lehenbailehen hasiko direla aurreratu dute, "eta dena ongi badoa eta atzerapenik ematen ez bada, datorren urteko martxotik aurrera zerbitzua emateko aukeran izango gara". Modulu berri bakoitzak 44 metro karratuko azalera izango du, modu honetan banatuta: logela, arropa aldatzeko gunea -1-2 urtekoen gelan komuna izango du-, biberoia berotzeko gunea eta 25 metro karratuko egongela. Horretaz gain, haur guztiek erabiliko duten jolaserako gunea (37 metro karratukoa) eta kanpoko patioa izango dute (35 metro karratu). Langileentzat, berriz, sukaldea, garbigailuarekin hornituta, bulegoa eta komun bat jarriko dute. Lan horiek Zumaiako Udalak ordainduko ditu.

Datorren urteko martxoan zabalduko dituzten moduluetan izena emateko epea urtarrilean zabalduko da. Epe zehatzak Eusko Jaurlaritzak zehazten ditu, baina oraindik ez dute jakinarazpenik jaso. "Gurasoak lasai egon daitezela, izen-emate epeak jakin bezain laster iragarriko baititugu", eman dute aditzera udal ordezkariek. Hala ere, aurreratu dute izen-ematea Aita Mari kaleko Haur-Eskolan egin beharko dela.

Itxitura berria
Bestalde, Aita Mari kaleko Haur-Eskolan zaharberritze lanak egingo dituztela iragarri dute. Hain zuzen, patioko itxitura aldatuko dute. Orain artekoa burdinazkoa da eta Hezkuntza Sailaren arabera, ez ditu segurtasun neurri guztiak betetzen. Itxitura berria diseinatzen ari dira eta arkitektoek aurreratu dutenez, itxitura berria metalikoa izango da.

Aldaketa hori egiteko bertako bizilagunen baimena jaso behar izan dute, Haur-Eskola jabetza pribatu batean baitago.

Haurtzaindegia

Neurri honekin ez da alde batera uzten haurtzaindegi berri baten proiektua. Herriaren premia asetuko duen haurtzaindegi egoki bat eraiki nahi du Udalak, baina horrek luze joko duenez arazoari erantzun azkarra emateko erabaki da moduluak jartzea. .


Irakurri