2007-09-15



ANV Zumaiako Udal Taldearen prentsa oharra.

Ertzaintzak atzo Askatasunak deitutako elkarretaratzea galerazi zuela eta, bere iritzia eman du gaur arratsaldean.

Atzo 20:00etarako Batzokiaren aurrean zuen deituta elkarretaratzea Askatasunak, igandean Donostian gertatutakoak salatzeko. Ertzaintzak, ordea, galerazi egin zuen. Egoera horren aurrean, ANV Zumaiako Udal Taldeak prentsaurrekoa deitu du gaur arratsaldean, Udaleko batzar aretoan. Hau da bertan Andoni Etxanizek irakurritako oharra:

"Azken hiru hamarkada luzeetan egin duen bezala, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Kontxako egunean presoen aldeko aldarrikapena eraman zuen, igandean, Donostiako kaleetara. Milaka herritarrek euskal gizartearen gehiengo zabal batek bere egiten duen aldarrikapena defendatu nahi izan zuen.

Ertzaintzaren jarrera bortitzari aurre eginez, herritar multzo handi horrek presoak eskubideak dituztela eta eskubideak bete behar direla aldarrikatu zuen. Herri honek bestelako etorkizuna merezi duela jabeturik, inoren aurka joaten den askatasun demokratikoaren aldeko mezua zabaldu zuen.

Izan ere, Javier Balza buru duen departamenduak jarrera tematia ageri du herri honek pairatzen duen gatazka politikoarekin harreman oso garbia duen aldarrikapena isilarazteko. Beste modu batean esanda, autodeterminazioaren aldeko oihua kaleetatik ezabatzeko.

Madrilgo debekuari aurrea hartu nahi izan zion Barne Sailak, eta istiluak izango ziren aitzakian debekatu. Zer eta oinarrizko eskubide bat, adierazpen askatasuna, zapuztu. Birritan debekatu zuen Balzak Amnistiaren Aldeko Mugimenduak aurkezturiko mobilizazioa, eta askoz zentzudunagoak ziruditen irtenbideak egon bazeuden ere, Donostiako Alde Zaharreko kale nagusiak poliziaz betetzea erabaki zuen. Poliziaz bete eta egurra eman, errepresioa berriz ere herritarren eskaeren aurrean.

Igandean Donostian irudi latzak ikusi genituen, eta irudi horiek atzo, ostegunean, Zumaiako kaleetan ere errepikatu nahi zituzten. Beheko plaza Ertzaintzaz josita azaldu zitzaigun, Askatasunak deituriko kontzentrazioa galarazteko, porra, ezkutu, pelotero, kaputxa eta abarrez horniturik. PNVk pistoleroz josi zuen Beheko plaza, mugitzen zen edonori demokraziaren zama gainera botatzeko prest.

PNVren bakea izan genuen ostegunean Zumaiako kaleetan, "no imponer, no impedir" diote, eta Ezker Abertzalea kaleetatik desagerrarazten saiatzen dira. Non dago proportzionaltasuna? Zertarako Zumaiako kaleak poliziaz bete? Zer irudikatu nahi izan dute Zumaiako kaleetan? Lehendik ere Ynestrillasi bidea zabaltzen diote, Euskal Herrian manifesta dadin, eta aldi berean euskal herritarrak zapaltzen dituzte.

Jakin dezatela, ordea, Ezker Abertzalea ez dagoela etsitzeko. Gure Herriari dagozkion eskubideak urratzen jarraitzen duten bitartean, aurrean edukiko gaituzte. Franko hil zen, Suarez, Gonzalez, Ansar, Ardantza, Josu Jon, asko izan dira frentean izan ditugunak, eta gu, oraindik, hemen gaude, betiko lekuan, Euskal Herriaren defentsan".


Irakurri

2007-09-14


Retiran un artefacto casero colocado bajo el coche de un ertzaina en Andoain


Irakurri




APOSTAR POR EL FUTURO (Josu Jon Imaz)

Politikagintza utzi eta lanbide pribatuari ekingo dio, EAJren barne prozesua errazteko helburuarekin

I. MURUA URIA

Josu Jon Imazek EAJko EBBko lehendakari izateari utzi egingo dio datorren abenduan, EBBrako barne hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki baitu, eta politikagintza uztea gainera, atzo hedabideei banatutako iritzi artikulu baten bidez jakinarazi duenez. «Berriro lanbide pribatuari ekingo diot».

EAJko EBBk datozen urteotarako txosten estrategikoaren zirriborroa aho batez onartu eta bi egunera jakinarazi du erabakia Imazek. Hain zuzen ere, ez aurkezteko erabakiarekin «barne prozesua erraztu» eta alderdia «indartu eta elkartu» egin nahi du Imazek, artikuluan dioenez, «batasuna lortzeko ahaleginek gu guztiok behartzen gaituelako. Baita ni ere».

Xabier Arzalluzen ordezkoaren hautaketak duela lau urte «eragindako zatiketa» berriro ez errepikatze aldera hartu du erabakia EBBko lehendakariak. EAJk zenbait unetan «arrazoibide anitzak, zatiketa itxurak eta larritasun puntuak» zabaldu izan dituela aitortu du, eta horrek euskal gizartea «noraezean» nahasi duela. Alderdiaren «zatiketa arriskua» ere aipatu du, horrek euskal politikagintzan «erradikalismoa eta ezegonkortasuna» eragingo lituzkeela ohartaraztean.

Berak EBBren buruzagitzarako ez aurkezteak EAJren kohesioa indartzen lagundu egingo duela uste duela adierazi du Imazek, EAJk «zalantzarik gabeko lidergoa» behar duelakoan, etorkizunari begira «hausnarketa zuhurra» egin ahal izateko.


HAUTAGAITZA BAKARRA HELBURU. Josu Jon Imazen erabakiak erraztu egin dezake EBBrako buruzagitza adostasunez erabakitzea, eta duela lau urteko lehiaren parekoa eragoztea, are gehiago ponentzia estrategikorako proposamena aho batez onartu berri dutenean EBBko kideek.

Esanguratsua izan da txosten hitzartu berriak normalizazio politikorako giltzarritzat eta EAJren helburutzat hartu duela herri galdeketa egitea, ahal bada alderdien arteko akordioaren ondoren -Imazek defenditu izan duen bezala-, baina ezin bada, baita alderdien arteko akordiorik gabe ere, blokeoa gainditze aldera -Imazek defendatutakoaren kontrara-.

EBBko hainbat buruzagi uda hasieran txosten politikoari buruzko negoziazioan hasi zirenean -Iñigo Urkullu, Joseba Aurrekoetxea, Joseba Egibar eta Iñaki Gerenabarrena, besteak beste-, ponentziaren gainean ez ezik EBBrako hautagaitza bakarraren inguruan ere ados jartzeko asmoarekin hasi ziren. Behin txosten politikoari buruzko adostasuna lortuta, EBBrako buruzagitzaren inguruko negoziazioen txanda izango da orain.

Formalki, sinaduren bitartez hautagaiak proposatzeko epea zabalik dute dagoeneko afiliatuek irail osoan, baina gutxitan aurkeztu izan dituzte hautagaiak molde honetan. Urrian egingo dituzte lehenengo itzuliko bozketak batzokietan, EBBrako hautagaiak proposatzeko. Sektoreen arteko lehia eragoztekotan, lehen itzuliko bozketak hasi baino lehenago itxi beharko lukete hautagaitza bakarraren inguruko akordioa EAJko burukideek. Behin betiko bozketak azaroko bigarren itzulian egingo dira. Emaitza horiek lurralde batzarretara eraman, eta abenduaren 1eko eta 2ko Batzar Nagusian berretsiko dira hautaketak.






erreaKzIoaK

Jose Luis Rodriguez Zapatero

Espainiako gobernuburua

«Nolabaiteko harridura dut. Buruzagi ona dela eta norabide ona ezarri duela uste dut. Espero dut EAJren eztabaida Euskadirentzat eta Espainia osoarentzat ona izatea». «Banuen informazioren bat hark egin zezakeenaz, baina EAJren lehendakari postua uztea beste kontu bat da».

Patxi lopez

PSE-EE-ren idazkari nagusia

«Harremanetan izango duen ondorioei buruz hitz egiteko oso goiz da, nola amaituko duen inork ez dakien barne prozesu batean dagoelako EAJ. Errespetua diot prozesu horri, baina espero dut EAJ ez erradikalizatzea abertzaletasun zaharkitu baterantz. Hori txarra litzateke denontzat».

javier madrazo

Ezker batuko koordinadore nagusia

«Errespeturik handiena, zuzentasun eta koherentzia ikasgaia eman duelako erabakiarekin batasunaren eta adostasunaren balioak defenditzean». «Erreferente bat da ez soilik euskal abertzaleentzat, baita gizarte osoarentzat ere, batez ere giza eskubideetan eta salbuespenik gabe ideologia guztien elkarlanean sinesten dugunontzat».

Mariano Raxoi

PP-ko presidentea

«Erabakiak errespetatzen ditut, beste edozein alderdi politikok har ditzakeenak adina. Ni bakarrik kezkatzen nauena da Espainiako Konstituzioa eta Espainiari buruz dudan ideiaren aurka doan erreferendum bat egin nahi izatea». «Ez dakit zeintzuk diren arrazoiak, ezta zerk eragin zezakeen ere».

Unai ziarreta

EA-ren idazkari nagusia

«Ezaguna da gure herriaren etorkizunerako garrantzitsutzat jotzen ditugun proposamen politikoei buruz ezadostasunak izan ditugula. Baina aitortu beharra dugu bere erantzukizunetatik, europarlamentari eta Jaurlaritzako sailburu bezala, Imazek herri honi eta alderdiari eskaini dion lana eta gogoa».

Maria san gil

EAE-ko alderdi popularreko burua

«Politikatik kanpo, etorkizuneko bizitzan onena opa diot. EAJren ponentzia politikoaren lehen biktima da. Ponentzia horretako hizkuntza erradikala da, eta hitz askotan batasunizazio bat eman dela uste dut. 40 orrialdetan Euskal Herriaz hitz egiten da etengabe, subiranotasunaz, autodeterminazioaz eta herri-kontsultaz».


Irakurri

2007-09-11



Irakurri