Cristina Forcadak Gobernu Batzordea uztea erabaki du
Gobernuan egon gabe, Gobernu Batzordean parte-hartzeak ez zeukan zentzu handirik», arrazoitu du EB-Aralarrek
Hitza, DV; Baleike; EAJ-PNV
Aritz mutiozabal (Hitza)
Zumaiako Udaleko Gobernu Batzordeak izandako aldaketen berri eman zuen Iñaki Agirrezabalaga alkateak, herenegun arratsaldean deitu zuen ezohiko udalbatzarrean. Bertan, EB-Aralar koalizioko Cristina Forcadak Gobernu Batzordea uztea erabaki duela jakinarazi zuen, eta honek joan den astean hartu zituen karguak ordezkatuak izan direla. Hala, Udaleko bigarren alkateordetza EAko Pili Etxabe zinegotziaren esku geratu da, eta Herritarren Partaidetza batzordeko lehendakaritza, mementoz, alkatearen beraren esku.
EAJren zinegotzi Maria Eugenia Arrizabalagak kargu uzte horren «azalpenak» eskatu zituen, «EB-Aralarrek Gobernuan egotearen gutxieneko denboraren marka hautsi» duela esanez. Era berean, galdetu zuen ea«Gobernua osatzen dutenentzat zer esan nahi duen Gobernuan egoteak», joan den astean egindako Udal Gobernuaren aurkezpena gogora ekarriz.
Zumaiako alkate Agirrezabalagak, bere aldetik, honela erantzun zuen: «Aurreko udalbatzarra joan zen moduan joan zen. Baina, ondoren, EB-Aralar koalizioak Gobernu Batzordean ez parte-hartzea erabaki du eta beraiek azalduko dituzte zeintzuk diren beraien arrazoiak».
Jarraian, EB-Aralarrek zinegotzi Xabier Olaizolak Gobernu Batzordetik kanpo ateratzearen arrazoi horiek zeintzuk ziren azaldu zuen: «Hasieratik garbi geneukan Gobernuan ez geundela. Gobernuan egon gabe, Gobernu Batzordean parte-hartzeko gonbitea egin ziguten eta Forcadak onartu egin zuen. Ondoren, hobeto pentsatu genuen eta iruditu zitzaigun ez zeukala zentzu handirik Gobernuan egon gabe Gobernu Batzordean parte-hartzeak».
PSE-EEko ordezkari Emiliano Cabañasek,azkenik, izandako aldaketak eta ordezkapenak kritikatu zituen: «Espero dugu geratu den Gobernu Batzordea iraunkorragoa izatea, erritmo honetan marka guztiak hautsiko ditugu-eta. Hala eta guztiz ere, nire zalantzak ditut».
Irakurri