2008-05-30


6,5 MILIOI EURO GELDITU DIRA 2007KO AURREKONTUAREN LIKIDAZIOA EGIN ONDOREN

Horietatik lau milioi inbertsioetarako zeuden aurreikusita eta 2008ko aurrekontura gehitu dira; beste bi milioi 2008rako eskatutako mailegua ordaintzeko erabiliko dira. Azkenean, 400.000 euro geldituko dira garbi.

Baleike


2007ko aurrekontuen likidazioa izan zen atzo iluntzean egindako udal plenoaren gai nagusia. Joseba Azpiazu ogasuneko batzordeburuak azaldu zituen kontuak: likidazioak 6,5 milioiko geldikina utzi du. Hala ere, zehaztu zuenez, zati handiena gauzatu gabeko inbertsioak dira, lau milioi euro hain zuzen ere. "Lau milioi euro horiek 2008ko aurrekontura pasa dira". Bestetik, 2008ko aurrekontuetan bi milioi euroko mailegua eskatu zenez, hori ordaintzeko ere erabiliko da geldikina. Azkenean, iazko aurrekontutik 400.000 euroko geldituko dira azaldu zuen.

Azpiazuk gaineratu zuenez, "Udal Gobernua ez dago pozik emaitza hauekin, aurrekontu osoaren %64 baino ez delako exekutatu. Eta hori horrela izan da, batez ere, inbertsio maila oso eskasa izan delako. Aurreikusi bai baina egin ez ziren inbertsio gehienak hirigintzakoak ziren, gehien-gehienak EAJk aurreikusitakoak". Udal Gobernu honek "aurrekontuak lau hilabetez baino ez dituela kudeatu" ohartarazi zuen, eta aurreko Udal Gobernuak ere erantzunkizuna duela emaitza hauetan.

2007ko maiatza arte, hau da, hauteskundeak egin arte, aurreikusitako inbertsioen %35 gauzatu zela erantzun zion EAJko Maria Eugenia Arrizabalagak. Eta hauteskundeen ondoren inbertsiorik ez dela gauzatu salatu zuen. "Eta 2008a ere aurrera doa, eta Udal Gobernuak oraindik ez du ezer egin: aurtengo inbertsioetatik %3,2 baino ez ditu exekutatu".

Udal Gobernu berriak orain arte ez duela inbertsiorik exekutatu izan zen ere PSEren eta Aralarren kritika. "Hainbat proiektua daude hor, martxan jartzeko zain", esan zuen PSEko Emiliano Cabañasek; "alferrik da aurrekontuak egitea gero ez badira gauzatzen", Aralarreko Xabier Olaizolak. Biek eskatu zuten aurrerantzean ahalegin berezia egiteko aurreikusita dauden inbertsioak lehenbailehen gauza daitezen.

Udal Gobernuak gogorarazi zien 2008ko aurrekontuak martxoak onartu zirela, "adostasun zabalago bat lortzeko alderdiekin hainbat bilera egin ondoren". "Bi hilabete baino ez dira pasa aurrekontuak onartu zirenetik, eta proiektuak gauzatzeko hainbat urrats eman behar dira, ezinbestean. Baina proiektuak aurrera aterako dira, eta batzuk hobetuta". Horrez gain, aurreko Udal Gobernuaren jarrera salatu zuen Andoni Etxanizek: "Gobernu aldaketa egin zenean ez zen inolako informazio transmisiorik egon, ez genuen inolako laguntzarik jaso aurrekoengandik. Bulegoak hutsik aurkitu genituen, eta ordenagailuak formateatuta. Ezin zaio berdin eskatu 20 urtez gobernuan egon denari eta baldintza horietan iritsi denari".

Bi mozio
Bi mozio aurkeztu ziren atzoko saioan. Lehena, Demokrazia zero, ez zen aurrera atera, alkatearen kalitatezko botoarekin. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak aurkeztutakoa, berriz, onartua izan zen. Kasu honetan ere beharrezkoa izan zen alkatearen kalitatezko botoa, eta alde bozkatu zuen. Izan ere, egoera bitxia gertatu zen mozioak bozkatzeko garaia iritsi zenean: PSEko bi zinegotziek alde egitea erabaki zuten, EAJko hiru zinegotzik kontra bozkatu zuten bietan -zinegotzi bat falta zen-, Aralar eta EA abstenitu egin ziren -EBko zinegotzia falta zen-, eta ANVko hiru zinegotziek alde bozkatu zuten. Berdinketa gertatu zenez, alkatearen kalitatezko botoak erabaki behar zuen, jakinda bietan ere abstentzioa eman zuela.

Bandera urdinari buruzko galdera
Galderen eta eskarien tartean, bandera urdinaren gaia plazaratu zuen EAJk. Aurten ea zergatik ez den bandera urdina eskatu galdetu zuen Maria Eugenia Arrizabalagak. Beraien iritziz, etxekalte jokatzea da hori, bandera urdina erreferentzia bat delako. "Ondo iruditzen zaigu beste kalitate zigilu batzuk lortu nahi izatea, baina batak ez du bestea kentzen".

"Bandera urdina iruzurra" dela erantzun zion Ingurugiro batzordeburu Andoni Etxanizek. "Gainera, eskatzen diren baldintza asko ez ditugu betetzen". Etxanizek salatu zuen aurreko urteetan egindako txostenetan gezur asko jarri zirela bandera urdina lortzeko. "Guk ez dugu iruzur horretan parte hartu nahi. Eta kostaldeko udal gehienek ere hala pentsatzen dute, baita EAJko alkateak dituzten asko ere, haiek ere ez eskatzea erabaki dute eta".


Irakurri