Iñigo erkiaga » zumaiako gazte asanbladako kidea
«Udalbatzarrean Gazte Manifestua onartzea espero dugu» (Hitza)
Iñigo Erkiaga (Zumaia, 1989) Zumaiako Gazte Asanbladako kidea da. Atzo bera eta beste 60 gazte Gernikako Parkean elkartu ziren. Etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko kanpaldian egon dira eta bihar Gazte Egunarekin amaituko dute protestaldia. Hainbat helbururekin eta ametsekin egiten ari dira egun hauetako ekimenak.
Zergatik aldarrikatzen duzue etxebizitza eskubidea?
Zumaia kostako herria da eta azken urteetan etxebizitza ugari egin da, baina prezio oso altuetan. Herriko gazteontzat ez dago etxebizitza lortzeko aukerarik eta, gure ustez, hori oso larria da. Gainera, 800 etxebizitza huts baino gehiago dago eta alokairuzko etxebizitzak oso garestiak dira, 600 euro baino gutxiagoan ez baitago ezer.
Nola agertu da kezka hori?
Duela hilabete batzuk gazteon arazoei buruzko diagnosi bat egiten hasi ginen, eta etxebizitzaren gaia arazo larria zela ohartu ginen. Gazte Manifestuan islatu genuen hori.
Zer da zehazki Gazte Manifestua?
Etxebizitzari buruzko puntu garrantzitsuak biltzen ditu manifestuak: alokairu soziala bultzatzea, etxebizitza berrerabiltzeko plana egitea, espekulazioa gutxitzea eta turismoa sustatzeko egungo politika aldatzea eskatzen du manifestuak. Gazte Manifestu hau santelmoetan aurkeztu genuen eta ordutik atxikimendu ugari jaso dugu herrian; 400 sinaduratik gora, hain zuzen ere.
Egun hauetako ekimenak non kokatzen dituzue?
Gure helburua arazoa kalera ateratzea da. Presioa egin nahi dugu, eta kanpaldia eta gainerako ekimenak hor kokatzen ditugu.
Presioa zertarako?
Gure asmoa Gazte Manifestua Udalera eramatea da. Udalbatzarrean eztabaidatu eta onartzea espero dugu. Abuztuaren edo irailaren amaieran izango da hori.
Eta itxaropenik ba al duzue?
Bai. Aurreko Udalarengan ez geneukan konfiantzarik, baina orain egoera aldatu egin da eta Udalak gure proposamenak onartzea espero dugu, horrek esan nahi duen guztiarekin. Gazte Manifestua onartzen badu, hor agertzen diren puntuak bete egin beharko ditu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario