2007-07-28

Amilibia izango da Urola Kosta Udal Elkarteko lehendakaria


PSE-EEko Patxi Elolak eginiko salaketa pertsonalekin istiluak sortu ziren bilkuran

Onintza Lete (Hitza)

Ostegun arratsaldean osatu zen Zarautzen Urola Kostako Udal Elkartea, eta batzarrean, EAJko Lide Amilibia zumaiarra izendatu zuten lehendakari posturako. Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udal ordezkariak egon ziren bertan. 65 hautetsitatik 56 joan ziren Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzara, Getariako eta Zarauzko EAE-ANV alderdiko kideak falta baitziren, Espainiako Alderdien Legeak legez kanpo utzi zituelako.

Amilibiaz gain, bestelako karguak ere izendatu zituzten. 1. lehendakariorde PSE-EEko Emiliano Cabañas zumaiarrra izango da, 2. lehendakariorde EAko Jon Burgaña zarauztarra eta 3. lehendakariorde, berriz, EB-Aralarreko Andoni Ibarguren zarauztarra.

Udal Elkarteko idazkariak hartu zuen hitza batzarraren hasieran eta han bildutako zinegotzien artean zaharrena eta gazteenarekin osatu zuten mahaia lehendakari berria aukeratu artean. Hautagaien zerrenda honakoa izan zen: EAJren hautagaia Lide Amilibia; EAE-ANVrena Andoni Etxaniz; PSE-EErena Emiliano Cabañas; EArena, Jon Burgaña; eta azkenik, EB-Aralarrena, Andoni Ibarguren.
EAJ nagusi bozketan
Sekretupeko bozketa bidez aukeratu zituzten ordezkariak. Lehendabiziko bozketan EAJren zerrendak 23 boto jaso zituen; PSE-EErenak 8 eta gainerakoek zazpina boto lortu zituzten. Berdinketa egon zenez, bigarren aldiz bozkatu zuten han bildutako 56 zinegotziek. EAE-ANVren, EAren eta EB-Aralarren zerrenden artean aukeratu behar izan zituzten 2. eta 3. lehendakariorde posturako pertsonak. EAk 30 boto jaso zituen, EB-Aralarrek 14 eta EAE-ANV 8.

Bozketa amaitu ostean, lehendakari eta lehendakariorde berriek euren lekua hartu zuten mahaian, han elkartutako gehienen txalo artean.

Lide Amilibia, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari berriak, zenbait hitz egin zituen. Aurrena eskerrak eman nahi izan zizkien denei, berarengan jarritako «konfiantzagatik». Zumaiarrak adierazi zuenez, «lan asko dago egiteko eta denon artean lan duina egitea espero dut, Udal Elkarteko proiektuak aurrera ateratzeko».

Batzar amaiera istilutsua

Batzar amaiera istilutsua izan zen. Patxi Elolak hitz gogorrak eta salaketa pertsonalak egin zituen EAE-ANVko Andoni Etxaniz zumaiarrak komunikatu bat irakurri ostean.
Etxanizek han bildutako guztien aurrean salatu zuenez, «bigarren aldiz agintaldi bati egoera guztiz antidemokratiko batean» eman zaio hasiera. «Lau urte igaro eta gero, Urola Kostako Udal Elkarte honek, herritarren borondateari entzungor egiten dion bitartean, ez du zilegitasun demokratikorik izango», gaineratu zuen. «Herritarren borondateak EAE-ANVri 16 zinegotzi eman dizkion arren, hemen bederatzik dugu egoteko aukera», gogoratu zuen Etxanizek. Udal Elkartean «bigarren indar bozkatuena izatetik bosgarren indarra izatera arte desitxuratu dute herritarren borondatea», salatu zuen EAE-ANVko kideak. Han elkartutako beste alderdiei ere zuzendu zitzaien Etxaniz. PP eta PSE izan ezik beste guztiak Alderdien Legearen aurka daudela baina lege horrek eragindako egoerak gainditzeko «borondate politikoa» behar dela esan zuen. Azkenik, Etxanizek Amilibia lehendakariari eurekin biltzeko eskatu zion. «Lan egiteko prest dago EAE», adierazi zuen.Amilibiak erantzun zion Etxanizi, orain arte bezala elkarlanaren aldeko apustua egingo zuela.

Patxi Elolak hartu zuen hitza jarraian. Gogor kritikatu zuen EAE-ANVren komunikatua: «Hemen zuen zinegotziak falta badira zerbaitegatik izango da», esan zuen. Beste zinegotzi batzuk ere falta zirela gogoratu zuen Elolak, baina «haiek ezingo dira inoiz hemen egon», gaineratu zuen, ETAk eraildako eskualdeko zinegotzi bat aipatuz. Ondoren, besteak beste, salaketa pertsonalak egiten hasi zen han zeuden zinegotzi batzuen aurka.

EAE-ANVko kideak Elolaren akusazioei erantzuten saiatu ziren, baina Lide Amilibiak ez zien utzi hitza hartzen eta batzarra amaitutzat eman zuen.

Batzarraren amaieran EAE-ANVko kideek Amilibiari eskatu zioten ez onartzeko erakunde horretan Elolarenak bezalako «errespetu faltak».

3 comentarios:

Anónimo dijo...

Andoni Etxanizen hitzak eta gertatutakoa ( Hitzaren bertsioan) irakurri ondoren, betikoa. Zilegitasun demokratikorik eza, salaketa, aldarrikapena... Betikoa.
Zergatik ez zuten ordezkaritza lortzeko benetako saiakerarik egin?. Zergatik, adibidez Zumaian, ANV-ko zinegotzi "lapurrek" ez diete beren lekua ASB-ko zerrendakide ilegalizatuei uzten?. Hara hor: Andoni Etxaniz beraren ordez Aperribai jauna. Zergatik errua beti besteena da, behin ere ez beraiena?.
"Errespetu falta" hitzetik hortzera. Hauek munduaren errespetua merezi dutela sinestuta bizi dira. Eta, zer egin dute hainbeste urtetan errespetu hori irabasteko??- Elolak esan bezala zinegotzi bat baino gehiago falta da mankomunitate horretan... Errespeto osoz?

Anónimo dijo...
Este comentario ha sido eliminado por un administrador del blog.
Anónimo dijo...
Este comentario ha sido eliminado por un administrador del blog.